BERTSO BERRIAK ORIOKO BALEARI JARRIAK
Mila bederatziehun
ta lehenengo urtean
maiatzaren hamalau
garren egunean
Orioko herriko
barraren aurrean
balea agertu zan
beatzik aldean.
Handia bazan ere
azkarra ibilian,
bueltaka han zebilen
juan da etorrian,
hondarra harrotuaz
murgil igerian
zorriak zeuzkan eta
haiek bota nahian.
Ikusi zutenean
hala zebilela
berehala juan ziran
traineruan bila;
arpoi ta dinamitak
eta soka-pilla
aguro ekartzeko
ez zan jende hila.
Bost traineru juan ziran
patroi banarekin
jende bizkor bikain ta
guztiz onarekin:
Manuel Olaizola
eta Loidirekin,
Uranga, Atxaga ta
Manterolarekin.
Baleak egindako
salto ta marruak
ziran izugarri ta
ikaratzekuak;
atzera eragin gabe
hango arriskuak
arpoiakin hil zuten
han ziran hanguak!
Bost txalupa jiran da
erdian balia
gizonak egin zuten
bai nahiko pelia;
ikusi zutenean
hila edo itua
lehorretikan bazan
biba ta txalua.
Hamabi metro luze
gerria hamar lodi
buztan pala lau zabal
alboetan pala bi;
ezpainetan bizarrak
beste ilera bi
orraziak bezela
hain zeuzkan ederki.
Gorputzez zan mila ta
berrehun arrua,
beste berrehun mingain
ta tripa barrua;
gutxi janez ez zegon
batere galdua
tinako sei pezetan
izan zan saldua.
Gertatua jarri det
egiaren alde
hau horrela ez bada
jendeari galde;
bihotzez pozturikan
atsegintsu gaude
biba oriotarrak
esan bildur gabe.
Txanela
Benito Lertxundi