Haurrentzako euskal abestien katalogoa

Zergatik?

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondoa egin genuen HUHEZIn, eta bukaerako gure proiektua Haur Hezkuntzako haurrentzako euskal kanten azterketa, bilduma eta sailkapena izan zen. Hainbat kantez osatutako datu-basea sortu genuen proiekturako.

Gure helburua ez zen soilik abestiak bere horretan; aitzitik, Haur Hezkuntzako irakasleentzako kanta egokiak aurkitzea izan zen gure jomuga, edozein dela ere landu behar duten sekuentzia, unitate didaktikoa, ikas-egoera edo proiektua.

Izan ere, zailtasunak sumatzen genituen euskal kantak irakasleen jardunean erabiltzeko, ez baitaude inon bilduta, ezta gaien arabera sailkatuta ere. Azkenean, besterik ezean, kantuen errepertorio bertsuetara jotzen dugu.

Uste dugu izugarria dela Euskal Herrian haurrentzako tradizioko kantuak berreskuratzeko, moldatzeko, egokitzeko eta berriak sortzeko egin den eta egiten ari den ahalegina, batez ere euskararen irakaskuntzarekin lotuta. Benetako altxorra dugulakoan gaude, eta, hala ere, eskoletan zailtasunak izaten ditugu behar dugun kantu egoki hori aurkitzeko. Horregatik, egina geneukan datu-basea gaurkotu eta, webgune honen bitartez eskuragarri jarri nahi izan dugu.

Horregatik, egina geneukan datu-basea gaurkotu nahi izan dugu eta webgune honen bitartez interesatu guztien eskura jarri.

< atzera

Zertarako?

Jasotako kanta guztiak ikasgelan erabil daitezkeen gaiekin lotu ditugu (Haur Hezkuntzako curriculum berria oinarritzat hartuta), hezitzaileen irakaskuntza-prozesuen plangintzan lagungarri izan daitezen.

Aldi berean, musikak, mugimenduak eta gorputzaren adierazpenak umeen hezkuntzan eta hizkuntzaren garapenean duten garrantziaz jabetuta, sinestu nahi dugu kantuen erabilerak euskal curriculumaren eta bere transmisioa sustatzen lagunduko duela.

Honenbestez, hiru ekarpentxo egin nahi izan dizkiogu euskal hezkuntza eta kulturari: batetik, ahalik eta kanta gehien biltzea; bigarrenik, katalogoan agertzen den kanta bakoitzari zehaztea zer gai lantzeko izan daitekeen egokia; eta, azkenik, koloretako betaurrekoak jarri eta abestiek transmititzen dituzten baloreei erreparatuz abestien egokitasuna dela-eta begirada kritikoa zorroztea.

< atzera

Zer?

Xede horiekin, haurrentzako euskal abestien katalogo bat sortu dugu Haur Hezkuntzako umeekin kontaktua dugun denon eskura jartzeko. Bertan, kantak kontsultatu zein proposatzeko aukera eman nahi dugu. Modu horretan, irakasle, hezitzaile zein gurasoen artean elkarreragina sortu nahi dugu, ezagutza partekatu eta belaunaldien arteko transmisioari lagundu.

Abesti bakoitzeko gaiaz gain, informazio gehigarria topatuko dugu bertan: azpigaia, gako-hitzak, autorea/abeslaria, diskoaren izenburua, bilduma, urtea, iraupena, multimedia aukerak (bideoa eta audioa), letra eta, hainbat kantatan, haien egokitasunari buruzko oharra. Izan ere, abesti guztiek ez dituzte transmititzen gizarte hobe bat eraikitzeko balio egokiak, eta horrelako kasuak, batez ere, tradiziozko kantuetan topatu ditugu: sexu eta genero-estereotipoak, arrazakeria, erlijio jakin baten aldeko apologia, animalien aurkako tratu txarrak… Horregatik, bistaratu egin nahi izan ditugu haur kantuetan ezkutatzen diren estereotipo, jarrera eta iritzi matxistak, xenofoboak, lodifoboak ( 1 ) eta abar, hezitzaileek kanta horien erabilera egokia egin dezaten.

Benetan uste dugu tresna hau baliagarria izango dela hezitzaileentzat, eta aukera ederra curriculuma aberasteko eta euskal dimentsioa lantzeko. Milaka abesti dugu herri honetan eta ekoizpena gero eta handiagoa da umeentzat zein nagusientzat. Zaindu eta zabaldu behar dugun altxorra da hori guztia!

Aprobetxa dezagun, gure herriak eta gure haurrek merezi dute-eta!

(1) Ikuspegik (Inmigrazioaren Euskal Behatokia) egindako “Diskriminazioa eta aniztasuna EAEn: ikuspegiak, esparruak eta kolektiboak” (Uztaila 2021) txostenetik hartu ditugu eta moldatu antzeman ditugun ezegokitasunen arrazoiak. < atzera

Harremanetarako

kontaktua@abestuzikasi.eus

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.



oinaren irudia